Edonori bizitzan ditugun helburuak betetzeko zer egin behar dugun galdetzean ondokoa erantzuten du: lan egin, saiatu. Beste batzuk horrez gain, zortearen laguntza ere beharrezko dela aitortuko dute.
Woody Allen zimenagile ospetsuaren filmak ere horretaz dihardu, zorteak gure eguneroko bizitzan duen garrantziaz, alegia.
Mundu desorekatu bat aurkezten digu, ezberdintasunez betea. Batzuk nahi dutena dute, behar duten adina diru eta luxu; beste batzuk, aldiz, ezin dituzte euren ametsak bete eta hauek aurrera ateratzeko dirurik ez dute.

Filmeko protagonista tenis jokalaria izandako mutil gazte bat da. Hainbeste bidaiatzeaz nazkaturik, eta betiko izarrei irabazi ezinik, profesional izateari utzi eta tenis irakasle moduan lanean hastea erabakitzen du. Bertan ezagutuko du famili aberatsekoa den mutil bat, bere ikaslea, eta bere arrebarekin bikote harremana hasiko du.
Gauzak okertu edo nahasi egingo dira bere ikaslearen bikotekidea ezagutzean (Scarlett Johansson). Neska lirain eta sentsuala dugu berau,
eta berehala sortuko da nolabaiteko erakarpena. Harreman ezkutu bat hasiko dute eta horrek egoera erabat korapilatuko du.
Filmearen hasieran egoera erreal batean pasatzen diren gauza arruntak kontatuko dituela somatzen duzu, baina filmeak aurrera egin ahala, ezusteko ugari topatzen dituzu. Amaiera bera ere, ez da espero duzun bezalakoa.
Gomendatu beharreko filma da zinez, eta lehen Woody Allenen filmak ikusteko gogoa banuen, orain zer esanik ez. Ea zer dakarkigun hurrena Woody Allenek. Bien bitartean, orain arteko bere lanez gozatzen jarraituko dugu.