Bertsolariak: Lujanbio Maialen
Herria: Donostia
Eguna: 2001-12-16
Gaia: Zure lagun min bat hil zen joan den astean Himalayan. Gaur jaso duzu berak handik bidalitako postala. Hiru bertso, nahi duzun neurri eta doinuan.
Doinua: Baserrian jaio nintzan
Neurria: Neurri berdinekoa
Lana: Bakarka gaia-emanda kartzelako-lana
Jardun-mota: Txapelketa
Motiboa: Txapelketa Nagusia
Gai-jartzaileak: EHBE Taldea
Gai-jartzaileak: Mandaluniz Bernardo
Argitaratua: BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA 2001, 305 OR.
Oharrak: Txapelketa Nagusia 2001. Finala, arratsaldeko saioa, azken fasea. Azken fase hau, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbiok jokatu zuten buruz-buru. Belodromoan, arratsaldeko lau eta erdietan hasita, 6800 bat entzule.
Kaixo Maialen: zer moduz?
Oroimena daukat zugan,
presente zauzkadalako
nere mendi abenturan.
Zorionean gabiltza
mendiarekin loturan;
badakizu, beti gisa,
nahi ta ezinaren mugan.
Makaluko gailur horrek
gu jartzen gaitu liluran;
etzirako egongo gera
gailurrarekin joskuran.
Har zazu muxu bero bat,
jarri konfiantza gugan.
Zein bero zen muxua ta
nik zeinen hotz hartu dudan!
Negar egin nahi dut baina
ez egitea hobe da,
malkoak jausiko dira
bestela postal gainera,
ta korritu ta borratu
hemengo muxu ta zera...
Intzirika hasi nahi baina
nijoa aguantatzera.
Imajinatu dezaket
kanpo-base hartan bera...
Bere ilusio ta amets
guzia juan da gainbehera,
ikurrinarekin juan nahi
zazpi milako batera,
ta orain Makalun dago
heriotzaren bandera.
Irratiak eman zuen
elur-jauzien abisu,
baina zuk ametsarekin
horrenbeste konpromisu
bazendun, ta holakotan
egoskor bat dirudizu;
aurrera segiko zendun,
beti egin dezu berdintsu.
Bizitzan ilusioa
herioren paradisu;
gero arte esaten ere
ez didazu utzi, aizu;
ta zuri azken hitz batzuk
esan nahiean naukazu,
karta bat egingo dizut,
akaso jasoko dezu.
Bertsoak:bertsozale.com