Gaia: aspaldiko partez begiak busti zaizkizu.
Zenbait egunez lanetik ere
hartu genuen erdi jai
etxean bertan egon nahi nuen,
ahal nuen artean lasai.
Hasi aurrera begira eta
ustezko hamaika dohai
banituela pentsatzen nuen
bila joan nintzen, baina ai,
ilusioa izan daiteke
halakotan geure etsai,
ez nintzen sinisteko gai
ez nuen sinisterik nahi
ez zetorren nahiz eta luzaro
egon ginen gu bere zain,
zoritxarrean ez nuen egin
gero zorionean bai.
Aita bakarrik izan nahi nuen
helburu handia bera
amagai ere pronto zegoen
ta jo genuen aurrera,
ustekabean erdi bidean
eten zen gure karrera,
mediku batek hala esan zigun
eta ametsak gainbehera.
Aurretik egin genituenak
ondoren geure kaltera
pentsatuz beste aukera
nola irtengo ote da,
bigarrena ere galdu genuen
ilusioaz batera
baina orduan ere zergatik
ez zen malkorik atera.
Halere Idoia animatzeko
hartu nuen nahiko kemen
bere gogoa, bere indarra,
akitu baitzen nabarmen
holakoetan aitaren lana
babes ematea omen
eman nuen bai, baina neuk ere
beharra sentitu hemen,
pasa zaionak ondo badaki
haurtxo bat galtzea zer den,
baina bi galdu ondoren
horra Jontxu non dagoen
eta malkoak atera zaizkit
eskuz estali baino lehen,
zuk lasai seme, utzi negarrez,
aspaldi egin nahi nuen.

Aitor Mendiluze
Irudia:bertsozale.com