Laburo España: 250.000 ofertas de empleo

Maitasun itsua

Archivado en Bertsoak • Fecha: 31-12-2005 18:18:31

Doinua: Gogoratuko zera


1)Istripu batek egin
zuen behin kaltea
eta mindu zitzaidan
begien partea.
Iluntasunak ez dit
Ematen pakea
Ezin zaitut ikusi
Maialen maitea.
Ze gogorra den ama
itsua izatea!
Ze gogorra den ttiki
zu ez ikustea!

2)Denborarekin nabil
zu zaintzen ikasten.
Haurra ez izateko
esaten zidaten,
baina ez nuen zilbor
heste hori eten
Maialen izatea
ezin burutik ken.
Ama izateak ze
poz eman dezaken
jaio zarenetikan
hasi naiz ikusten.

3)Haurdunaldiarekin
jarraitu nuen nik
ez baitzuten balio
hainbeste aitzakik.
Aurrera segi nuen
maite zuregatik
bizi poza baitzara
ttiki, horregatik,
beso artean zaitut
poza ematen dit.
Ezin ikusi arren
sentitzen badakit.

4)Maiatzaren zazpian
opari onena
eta Maialen jarri
genizun izena.
Nahiz ez ikustea den
niretzat problema
zuk ematen didazu
indar ta kemena.
Maialen zu izango
zara politena
nire iluntasuna
argitzen duena.

5)Iada pasatu dira
hilabete batzuk
eta lehenengo hitzak
esan dituzu zuk,
hots soilak dira, baina
nik entzuten ditut
barrezka ere asko
Sumatu ohi zaitut.
Dena emango nuke
ikustaren truk
ezin zaitut ikusi
baina sentitzen dut.

6)Nire beldur guztien
pomada, ukendu,
familiaren sustrai,
etxeko zimendu.
Inork ezingo zaitu
gugandik aldendu,
inork ezingo zaitu
gure ondotik kendu.
Nigandikan Maialen
zu gertu mantendu,
ezin ikusiak gehio
ikustarazten du.

7)Begirada galdua
jantzirik dut beltzez,
baina ezingo diot
egin inoiz ihes.
Ikusteari ezin
diot esan ezetz
bihotzarekin ere
Ikusten dut berez,
barre egin zaidazu
mesedez, mesedez!
Zure irriarekin
egiteko amets.

Mirari Martiarena

Escrito por Maitane Legarreta
(0) Comentarios • (0) ReferenciasPermalink


Referencias (URL para referencias)


Comentarios


Comentar



Recordar datos