Obabakoaren erdarazko itzulpena argitaratu dute Kuban, eta 5000 aleko edizioa egin da. Bihar hasiko da La Habanako liburu azoka, eta Bernardo Atxagaren liburua izango da nobedadeetako bat. Autorea bera bertan izango da otsailaren 6an liburuaz hitz egiteko eta irakurketa literario bat egiteko.
Arte y Literatura argitaletxe kubatarrak argitaratu du 1988koa den liburu honen itzulpena.

Pamiela argitaletxeak, Euskal Idazleen Elkartearen laguntzaz, egitarau zabala antolatu du Habanan egun berean. Goizean, Joxe Mari Iturraldek Lengua Vasca y literatura hitzaldia emango du Habanako unibertsitateko Arte eta Letren Fakultatean. Arratsaldean, liburu azokaren aretoan, irakurketa literarioa egingo du Atxagak, eta Ruper Ordorikak bere abesti batzuk joko ditu. Ondoren, Obaba filma emango dute, eta Armendarizen eta Atxagaren arteko solasaldia entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Irudiak:google.es