Gurutze Irizar ormaiztegiarrak urteetan Saharar herriaren alde egindako lanagatik jasoko du Euskal Kooperante saria. Ormaiztegiarra Donostiako Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) Lagunen Elkarteko lehendakaria da.
Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako Sailak emandako sari horrek zenbait pertsonek herrialde txiroen alde egindako lana eskertu nahi du. Iaz Miren Egiguren gipuzkoarrari eman zioten saria Venezuelan 30 urtetan lanean aritzeagatik.
Gurutze gustora dago jaso berri duen sariarekin: «Normalean ez dira gauzak egiten egunen batean saria emango dizutela pentsatuz, baina etortzen bada ongi etorria izan dadila» zioen irribarrez.
Komunikabideek Saharako egoeraz ez dutela gehiegi hitz egiten aipatu du. Sari honek hango egoerari buruz berriz hitz egiteko aukera ematen diola adierazi du, eta hori dela bere pozik handiena. «Zerbaiti buruz hitzik egiten ez bada azkenerako jendeak pentsatzen du hura ez dela esistitzen. Hori ez da gertatzen programatuta egon gabe. Goi politikatik dator. Espainiako Gobernuak ardura izugarria dauka gatazka honetan eta horri ez dio heldu nahi. Saiatzen da zentsuratzen jendea ahaztu dadin. Sariak aukera emango digu gaia berriz ateratzeko».

Eusko Jaurlaritzak eta hemengo beste hainbat instituziok bestelako jarrera dutela esan zuen Irizarrek. «Sahararekin kooperazioa aspalditik dator eta konpromiso handia dute. Ibarretxe lehendakari denetik nik uste dut konpromisoa oraindik handiagoa dela, bai berea pertsonala, eta baita Jaurlaritzarena ere».
Konponbideari dagokionez, Saharako arazoa politikoa dela dio Gurutzek; «beraz, konponbide politikoa eman behar zaio». NBEk berak amaitu gabeko deskolonizazio prozesutzat du Saharako auzia. Protagonistetako bat Espainiako Gobernua da ormaiztegiarraren ustez: «Duela 30 urte Madrilgo gobernuak sartu zuen herri sahararra arazo honetan, gauzak gaizki egin zituelako, eta ordutik gaurdaino gobernuan egon direnek ez dute ezer egin. Beharbada orain sozialistak inoiz baino okerrago eta lotsagabeago ari dira jokatzen».
Azkenik, Gurutze Irizarrek esan zuen «autodeterminazio eskubidearen aldeko borrokan bukaerara arte» jarraituko duela.
Mendebaldeko Sahararen alde lanean
Gurutze Irizar Ormaiztegin jaio zen 1951. urtean, eta erizaina da lanbidez. Sahararren kausaren alde urteak daramatza lanean. Martxa Berdea bizi izan zuen, eta baita saharar herriaren parte bat Argeliako errefuxiatuen kanpamenduetara erbesteratu zeneko unea ere. Mohamed Hach Embarek Frente Polisarioko kidearekin ezkondu zen. Hainbat urtetan kanpamenduetan bizi ondoren Ormaiztegira etorri ziren bizitzera, beraien bi seme-alabekin. Goierrin bizi arren mendebaldeko Sahararen aldeko borrokarekin jarraitu zuten.

Hach Embarek Irizarren senarrak bere bizitzaren parterik handiena munduan barrena mendebaldeko Sahararen berri emanez igaro zuen. Gaixotasun baten ondorioz iaz hil zen. Bera gertutik ezagutu zutenen hitzetan bizitza osoa eman zuen horrenbeste maite zuen lurraren alde lanean».
Gurutze Irizar ormaiztegiarra egun SEADen Lagunen Elkarteko lehendakaria da.
Berriemailea:goierrikohitza