Segurako Gazte Asanblada berregituratu berri dute herriko hainbat gaztek, eta lanean gogotsu ari dira
Estitxu Imaz
Segurako Gazte Asanblada berregituratu eta lehen ekintzak antolatzen ari dira zenbait gazte. Idoia Lopetegi eta Maitane Muñoa dira kideetako bi. Beraiek azaldu dizkigute taldea sortu izanaren arrazoiak eta markatutako helburuak.
Nondik sortu zen ideia?
Idoia Lopetegi: Gaia, askotan gertatu ohi den bezala, parrandan genbiltzan bitartean atera zen. Segurako gazteon artean harremanik ez zegoela eta horri aurre egiteko zer egin genezakeen hizketan aritu ginen.
Parranda giro horretatik abiatuta, nola hartu zuen forma zuen ideiak?
Maitane Muñoa: Lagun giroan sortutako ideia alferrik galdu ez zedin eta jarraikortasuna eta seriotasuna emateko asmoz, hiru lagun bildu ginen ostiral batean. Gaiari berriz heldu eta gazteon inguruan hausnarketa sakonagoa egin genuen.
Zein ondoriotara iritsi zineten?
I. L.: Segurako gazteon arteko harremana koadrilartera mugatzen da soilik. Harremanik ez egotetik aparte, ikusten dugu pasibitatea dela nagusi. Horri aurre egiteko eta gazteok indarra hartzeko talde bat osatzearen premia ikusi genuen. Antolatuz gero, gazteon artean dauden behar eta gabeziei aurre egiteko errazagoa izango zela pentsatu genuen. Gure artean ideiak trukatu eta eztabaidatzea garrantzitsua eta beharrezkoa da. Horrela batzar baterako deia egin genuen.
Nori luzatu zenioten deia?
M. M.: Deia egin aurretik gure artean Gazte Asanblada zer izan beharko litzatekeen, partaideak nor izango liratekeen, zer egingo genukeen eta horrelako zenbait gai ukitu genituen. Guk garbi genuen deia, Gazte Asanblada sortu nahi zuten guztiei eta lanerako gogoa zuten guztiei egina zegoela.
Nola joan zen lehen batzarra?
I. L.: Lehen batzarrean gure proposamenaren berri eman genuen eta jendartean iritzia galdetu genuen. Bertan zirenek begi onez ikusi zuten bai gure hausnarketa, baita Gazte Asanblada sortzeko ideia ere.
Jende askok parte hartu al zuen bertan?
M. M.: Bai, egia esan uste baino gazte jende gehiago bildu zen bertan. Batzarrean lehen Gazte Asanbladan ibilitakoak ere baziren. Beraiek antolatutako ekintzen berri eman ziguten. Ongi egindako gauzak eta gaizki ateratakoak ere azaldu zizkiguten, eta oso ondo etorri zaigu haien esperientziatik ikastea.
Inauterietarako hainbat ekintza antolatu dituzue, ezta?
I. L.: Bai, bileran gure arteko izotza puskatu beharra ikusi zen, eta zer hobeto inauteriak aprobetxatzea baino. Hartzaren etorreraren ondoren triki-poteoa, gazte afaria eta mozorroen desfilea egingo ditugu. Goizaldera, berriz, karaokean parte hartzeko aukera izango du nahi duenak.
Lehen bileraren arrakasta eta gero, zein emaitza eman zuen bigarrenak?
M. M.: Ideiak behin finkatuta, bigarren bilera egin genuen. Askotan lehen bilerara jende asko agertzea errazagoa da, baina gure kasuan deialdia zabaldu egin genuen eta jende asko agertu zen bigarrenera ere. Pixkanaka martxan jartzen hasiak gara. Ea gure arteko harremanak sendotuz herriari bizia ematea lortzen dugun. Horixe da gure helburua.
Aurrera begira, zer?
Badugu beste hainbat ideia ere, baina oraindik erabat zehaztu gabe daude. Batzarrak 15ean behin egiten ditugu, ostiraletan gaztelekuan, eta pixkanaka joango gara zehazten.
Zein balorazio egiten duzue?
Gu oso pozik gaude. Espero ez genuen erantzuna jaso dugu eta jendea oso animatuta ikusten dugu. Ideia asko ari da ateratzen.
DEIA
«Batzarrerako deia Gazte Asanblada sortu nahi duten guztiei eta lanerako gogoa duten guztiei egin genien»
LEHEN EKINTZAK
«Inauterietan hartzaren etorrera eta gero triki poteoa, gazte afaria, mozorroen desfilea eta karaokea egingo dira»
Goierriko Hitza