Jose Mari Bakero Errealeko entrenatzaileak Goizuetako Umore Ona elkartera gonbidatu zituen bazkaltzera taldekideak. Jokalariez gain, taldeko tekniko eta laguntzaileak ere joan ziren.

Aurreko astean La Manga del Mar Menorren egon ziren bilduta euren egoera beltzari aurre egiteko asmoz. Bakerok jokalari guztiekin banan banan hitz egin zuen bere gelan.
Goizeko entrenamenduaren ondoren autobusa hartu eta Goizuetara abiatu ziren bazkaltzeko asmoz. Malagari irabaziz gero lantalde guztia bazkaltzera gonbidatuko zuela zin egin zuen, eta atzo bere hitza bete zuen. Arratsaldeko ordubiak aldera hasi zen eta entsalada eta txuleta jan zuten. Esaten dutenez, txuleta pusketak ederrak izan ziren, eta ez zen gauza handirik geratu. Seguru Nihatek majo jan zuela.

Bakero taldera iritsi denetik taldearen aldarteari arreta handia jarri dio, eta jokalariek kontuan hartu dute mezu hori. La Mangako bilkurak garrantzi handia izan zuen, eta atzoko bazkaria ere bide horretako aurrerapauso bat gehiago izan zen. Bera Bartzelonako jokalaria zen garaian ere, bazkari hoiek egitearen aldekoa eta bultzatzailea omen zen.
Johan Cruiffek behin baino gehiagotan esan du bazkari haiek oso eragin positiboa zutela taldearengan, eta Bakeroren ustez alderdi psikologikoak garrantzi handia izan dezake Liga amaiera honetan.
Bazkaria arratsaldeko laurak aldera bukatu zen, eta Zubietara itzuli ziren berriro. Ziur nago horrelako eragingarriekin hemendik aurrera partidu gehiago irabaziko dituztela. Ea hala den...Agian enpresetan egiteko ere ez da ideia txarra izango, langileek eraginkortasun handiagoz lan egin dezaten. Norbaitek entzungo ote du?