Su ta Gar taldeak atzo aurkeztu zuen estudioko zortzigarren diska: Jainko hilen uhartean. Laurek euren zigilu propioa sortu dute, Jo ta Ke ekoizpenak deritzona.
Orain dela hamabost urte atera zuten euren lehen diska (Jaiotze basatia), eta orain berriz itzuli dira diska berria besapean dutela. Berrizko (Bizkaia) Lorentzo Records estudioan grabatu du Aitor Ariñok, urtarrila eta martxoa bitartean. Aitor Gorosabel taldekide eta abeslariak adierazi zuenez, "diska indartsua da, zirraragarria, eta abesti guztiek dute euren izaera ". Era berean, besteak bezain diska azkarra ez zela aitortu zuen, hainbesteko abiadurarik gabekoa, "baina zuzena da zalantzarik gabe, berezkoa, naturalagoa".

Diska hamaika kantuz osatua dago, eta Gorosabelek konposatu ditu guztiak, baita zazpi abestitako letrak ere. Euren testuak kritikoak izaten jarraitzen dute, eta gizarteko hainbat gai jorratzen dituzte: alienazioa, gizarte anomia, telebistak dituen arriskuak, albistegietan agertzen diren indarkeriazko berri eta albiste negatiboei ematen zaien tratamendua. "Gaur egungo munduari buruz hitz egiten dugu, eta letrak betiko bidetik darraite: injustiziaren aurka, maitasun abestiak, eta presoen oroitzapenak". Guantanamoko argazkiak jarri dituzte diskoaren azalean eta kantuak jasotzen dituen liburuxkan.

Diskaren izenburuak ere badu zerikusirik aurretik aipatutakoarekin: "Irla hau gaur egungo mundua da niretzat, eta hildako jainkoak gobernu buruak dira, denok ezagutzen ditugunak". Euren zigilua irikitzeko erabakiari buruz honako hau diote: "Anekdota da bat da azken finean, baina egia da geure lanaren jabe izan nahi genuela, produktua gu geu baikara".
Aukeratu duten singlearen bideoklipa Juanma Bajo Ulloak grabatu du, eta eurekin egon zen diskaren aurkezpenean. Talde honek izaten dituen oztopo eta debekuei buruz ere hitz egin zuten: "Ez dago geure esku. Arazoak emanaldiaren bezperan sortzen dira: ez dakigu zergatik jo dezakegun Kordoban eta Granadan ez"

Joan den astean Ibarran (Gipuzkoa) jo zuten, eta disko berriko abestiek oso harrera ona izan omen dute. Hurrengo kontzertuetako datak ere zehaztuak daude: Bilboko Santana 27 aretoan joko dute apirilaren 21ean, eta Gasteizko Azkenan apirilaren 22an. Gatikan (Bizkaia) ere izango dira apirilaren 29an, Lazkaon apirilaren 30ean, eta Iruñeko Artsaia aretoan maiatzaren 6an.
Euskal Herritik kanpora ere ibiliko dira: Madrilen maiatzaren 20an, eta Bartzelonan ekainaren 2an.