Ez zen oso egun ona izan, ez. Bazirudien gauza oker denek batera gertatu behar zutela egun hartan. Izan ohi dira, une txar eta oneko egunak, baina batzuetan badirudi batetik edo bestetik izan behar duela soilik. Biak uztar-ezinak balira bezala. Mundu honetako kolore bakarrak txuria eta beltza balira lez, tarteko kolore guztiak izaterik ez balute bezala.
Bai egun hark beltza zirudien guztiz. Eduki zituen zuritasun printza batzuk ere, baina orohar beltzak zuritasun hura zikintzen zuen. Igande arratsaldea egoki zioan, inolako ezustekorik gabe. Gozatzen ari nintzen irratia entzunez, emozioak jota. Ziur aski, bertan zenbait interes ere banituelako. Beti bizi ohi dugu zerbait intentsitate handiagoz, guregandik gertu (nola edo hala) dagoen norbait tartean denean. Hura amaierara iristean, ordea, nire itxaropena zapuztu zen. Ez zen nik nahi bezala irten.
Hura gaizki ateratzean arratsaldea konpontzeko beste zerbaitetan jarri nituen ilusioak. Lehenengo zartakoarekin ez nuen aski, agidanez. Lehen kasuan errealista nintzen, eta banekien zaila zela, eta ziur asko ez zela gertatuko. Hala ere, une hori irudikatzen duzu zeure buruan eta horrek sortarazten dizun pozak ilusioa eta itxaropenaren garra pizten dizu pixkabat.
Beste berri txar bat iritsi zitzaidan bat-batean. Berri horren zati bat ez zen hain txarra, baina bestea ikusita ez zuen ezertarako balio. Ez genekien artean zehatz zer zen, baina ez zuen itxura onik. Gerora jakin genuenez, ez zen batere albiste ona izan. Gau amaierak erantzuna ekarri zidan, eta egoerak beltza izaten jarraitzen zuen arren, gozatu egin zidan barneko garraztasuna. Ez nuen merezi gau amaierako opari hura, esker ona neuk adierazi behar bainion. Zer eskertu zer eskerturik ez dagoenari, eta nola behar adina eskertu hainbeste eskertzeko diozunari. Bizi osoa ere ez baitut aski horretarako.