Ostegunean Durangoko azokan izan nintzen. Nik uste baino jende gehiago zebilen, osteguna izanik ere. Klaserako lan bat egiteko ere probestu nuen, eta han ibili nintzen argazkiak ateratzen.
Haietako asko ez ziren oso eroso sentitu. Ez da harritzekoa. Ni neroni ere ez naiz batere eroso sentitzen begira daudela sentitzen dudanean, eta are gutxiago kamara bat ikustean. Ditudan argazkiak oroitzapen gisa ateratakoak dira, nire memoriaren zirrikituak estaltzeko asmoz. Ez behintzat kamerek maite nautelako. Ez kamerek, ez ispiluek.
Batzuk begirada zorrotzez begiratzen ninduten, besteek ihes egiten zuten, beste batzuk geratu egiten ziren argazkia ateratzen uzteko (horiei guztiei mila esker), baziren albo batera jartzen zirenak ere...Mota guztietako jarrerak zeuden kameraren aurrean.Bide batez esan dezadan izan zela bere liburua sinatzeaz gain, atsegin handiz nire kameraren aurrean paratu zenik ere. Enfin.
Aurpegi ezezagunen artean, bazeuden ezagunak zirenak ere. Baita ezagunak izan, baina zenbaitzuk ezagutzen ez zituztenak ere. Izan ere, musikariak idazleak baino ezagunagoak izan ohi dira. Idazleak letren atzean ezkutatzen dira. Badirudi orrialde zuria belzten duten hizki horiek ez dituela inork idatzi. Zer esanik ez itzultzaileen kasuan.
gehiago
Idazleek ez dituzte musikariek bezala hainbat emanaldi egiten han eta hemen. Horrek ere, musikarien aurpegiak ezagutzea errazten du. Komunikabideetan ere, leku gehiago izaten dute, horregatik edo musika kontsumi errazagoa delako gaur egungo gizartean. Errazagoa egiten da belarriak zabaldu eta etzanda egotea, begiak ireki eta irudimenaren eta sormenaren munduan murgiltzea baino. Horrela dirudi behinik behin.
Beharbada idazleek ere nahiago dute ezezagun izaten jarraitu. Gizaki bakartitzat jo ohi dira idazleak, zenbaitzuen ustez arraro xamarrak ere badira. Euren gelan irudikatzen ditugu orri zuria eta axota eskuetan dutela. Edo modernoenek ordenagailua. Beharbada izango dute etxetik kanpoko txoko ezkutu eta lasairen bat, sormen lana errazten eta goxatzen duten horietakoa. Euren egunerokotasunetik askatuko dituena.
Agian ez dute euren mundu propio hori hautsi nahi. Ez dute nahi kalean ibili eta inor begira geratzerik, hatzarekin seinalatuz. Aski da liburu berriaren prentsaurrekoarekin telebistan eta egunkarietan egun horretan agertzea, edo irratian elkarrizketak egitea,edo Sautrelan behin azaltzea. Nahikoa dute euren liburuak irakurtzen direla jakinda, jendeak gustoko dituela jakinik, kritikak irakurriz, edo euren lagun idazleen iritziak entzutea.
Zaila izan liteke irakurleen feedback edo atze-elikadura hori jasotzea eurek duten muga horrekin. Horregatik Durangoko azoka aukera paregabea izan liteke ezagutzen ez dituzten horien ahotik euren lanaz zer pentsatzen duten jakiteko. Euren aurpegia ezagutuko balute ez liekete agian egiarik esango, lausenguren bat besterik ez ziur asko.
Une honetan idazle ezagun bat "Kalaka" saioan agertzen da. Ezaguna da idazle gisa duen "kurrin kurrun vitae"gatik, baina seguru nago telebistan azaltzen denetik jende gehiagok ezagutzen duela kalean dabilenean.
Telebistaren oihartzuna jaun andreok.
Idazle eta bertsolariak ere musikariekin elkarlanean aritzen dira sarritan. Ez da uztarketa txarra inondik inora ere. Lan egoki askoak atera dira horrelakoetatik. Izango dira ezagun izan nahi ez, baina etsi - etsian onartzen duten musikariak. Eta badira ezagun ez direnak, euren lana oparoa izanagatik ere. Sarritan gertatzen da, era berean, aurpegia ezaguna egin eta zergatik den ez jakitea, pertsona hori zerekin lotu asmatu ezinik gabiltzanean.
Ostegunean esaten dizuedanaren lekuko izan nintzen. Han nenbilen ni postu edo stand famatu horietako batean, aitari oparitu nahi nion liburu-diska horietako batzuei begira. Aldamenean gizon bat nuen, eta galdera bat egin zion une hartan haren arduradun zen musikari ezagun bati. Berriketan hasi ziren, gizon hark liburu horietako batean agertzen zen bat ezagutzen zuela eta. Halako batean, hala esan zion gizonak: zure aurpegia ezaguna egiten zait. Nik irriparre egin nuen, eta musikariak begiratu egin zidan. Kidetasun begirada bat izan zen, galderaren erantzuna dakitenen artekoa. Bere erantzuna: litekeena da. Handik gutxira alde egin zuen gizonak, erantzuna jakin gabe.
Erantzun hura oso gustoko izan nuen une hartan, eta orain ere hala dut. Ez dizuet ukatuko une hartan jakinminez betetako gizon hari dena esateko tentaldirik izan ez nuenik. Neronek horrelakoetan ezin izaten dut etsi erantzuna topatu arte. Lotsa eman zidan,ordea, eta ez nion nik esango berak aitortu nahi izan ez zuena. Bere nahia errespetatu egin behar.
Ez pentsa, badut orain ere zuei kontatzeko gogoa. Kontatzekoa baino, arrastoren bat eman eta zuek asmatzekoa. Mundu honetan ia ezer ez da izaten musutruk. Baina ez dut ezer esango, ahoa itxirik mantenduko dut.
Badaezpada egiten dut, gizon hark hau irakurrita ere. Esan nezake, ziur bainaiz hau ez duela inork irakurriko. Usteak...Gu bion artean geratuko da sekretua, begirada hartan adierazitakoa. Beno,gu bion artean eta kontatu nien beste hiruzpalau lagunen artean...
<i>P.D. Mila esker aurpegi ezagun - ezezagun hari orri zuria edertu eta hain atsegina izateagatik. Zure hurrengo diskaren zain gauden bitartean, zure abesti ederrez gozatuko dugu.