Egunero ikusten dugu jendea:kalean, autobusean,lanean, klasean, parrandan...Batzuk ezezagun izatetik ezagun edo lagun izatera igarotzen dira denboraren poderioz. Beste batzuk, berriz, ezagutzen ez ditugun arren ezagunak egiten zaizkigu euren aurpegiak. Edo pertsona bat beste batekin lotzeko gai gara; edo badakigu kiroletan ibiltzen dela, edo ez dakit nongo kide dela...Sarritan ezagutzen ez dugun baten inguruko informazio ugari izaten dugu eskuartean.
Gertatzen da, era berean, norbait ikusi eta ezaguna egiten zaizula ohartu, baina nor den edo zergatik ezagutzen duzun ezin gogoratzea. Une horietan, buruan bueltaka ibitzen duzu behingoz bururatuko zaizun esperantzan. Hobeagoa izaten da pentsatzeari uztea, orduan etortzen baitzaizu burura.
Autobusean ikusi nuen mutil hura, eta bihozkada bat izan nuen. Mutil hura halakoren anaia zela pentsatu nuen. Ez dakit zergatik baina sentipen hura nuen barrenean. Nire eserlekutik ez nuen ongi ikusten, baina autobusera sartzean ikusi nuenak hori adierazten zidan. Susmoa besterik ez zen, uste sinple bat. Esaerak dioen bezala,usteak erdia ustel. Baina egun hartan, sagarrak ez zuen usteletik ezer izan. Asmatu egin nuen. Oraindik ere ez dakit zergatik, ez baitiot anaiaren antz nabarmenik topatzen. Egia da, bera igo zen tokia arrasto ona izan zitekeela, baina ez zen nahikoa inondik inora ere.
Non jeitsi zen eta norantz abiatu zen ikusitakoan nire ustea indartu egin zen. Handik gutxira, uste hura baieztatu ahal izan nuen adiskide baten laguntzaz.
Ez da horrelako zerbait gertatzen zaidan lehen aldia, eta askotan kezkatu ere egiten naiz. Sorgin edo azti xamarra ote naizen edo. Batek daki. Senari jaramon egin behar izaten zaio tarteka.Han ibili nintzen, arrastoak jarraitu eta azken muturreraino detektibe gisan. Kazetari sena izango da beharbada. Kalean ikusten dudanean, irriparrea sortarazten dit oroitzapen honek. Berak baleki...