Lekua: Donostia, Atano III pilotalekua
Data: 2005-12-04, igandea
Finalaurrekoak: Bigarren itzuliko azken ekitaldia
Ariketa: kartzelakoa
Gaia: Gaur ere itsas ertzean zaude. Esku batean harri mordoa duzu eta banaka-banaka botatzen ari zara itsasora.
Neurria: zortzi puntukoa
Doinua: Laurogeita hamar urte
Harri txapalak hartuta
botatzearen ekintza
burutzen dudan aldian
bururatu zait neurtzitza;
azken aldian mundua
ikusten dut oso hitsa
kuadrilan gora ta behera
beti berdintsu gabiltza; (bis)
baldin badaukat lagunak
izateko aina ditxa
zoriontsu izatea
da aurreneko baldintza
hogeita beatzi urtera
hain daukat tarte murritza
ta harri hauen antzera
beherantz doakit bizitza. (bis)
Bi astez behin telebista
bi astez behi irratia
Errealarena izan
omen da lehen zatia
hizketagaiz aldatzea
da nere erabakia
baina dirudienez ez
erabaki egokia; (bis)
batek Mikel Aranburu
besteak Nihat txikia
alkoholetan bilatzen da
galtzearen zergatia;
aurkitu ezinik nabil
lagun artean tokia
aste bakoitza delako
aurrekoaren kopia. (bis)
Bizimodu hau jadanik
ez dut sentitzen hurbila
azken harria bota dut
ta beherantz joan dadila;
azken batean kuadro huts
bilakatu da kuadrila
aitorpen bat duzue hau
zintzoa eta umila; (bis)
barraren gainean daude
hiru San Migel botila
hiru txamarra zintzilik
hiru mutil, hiru silla.
Nahi baduzue jarraitu
zuen bizimodu hila
baina nik segi nahi nuke
bizipoz berrien bila. (bis)
Aitor Sarriegi
