Aitzol Barandiaran ataundarra dugu aurtengo Osinalde Sariketako irabazlea. Alaia Martin oiartzuarrak lortu du bigarren postua. Eusebio Igartzabal antolatzailearen hitzetan "oso parekatua izan da saioa, batez ere Aitzol, Alaia eta Arkaitz Oiartzabalen artean".
Hiru hauek jaso dituzte hain zuzen ere sari nagusiak. Entzuleak ere bat etorri dira epaileen erabakiarekin baina sariak banatzeko asmoz, Alaia Martini eman diote entzuleen saria. Arrazoi beragatik Arkaitz Oiartzabalek jaso du bertso onenaren saria.
Saioa nahiko ona izan omen zen, arrazonamendu onak eta bertso borobilak entzuteko aukera izan zelarik. Ataundarrak saioa kaskar hasi bazuen ere zortziko txikiko ariketatik aurrera maila ona erakutsi zuen. Bera izan zen saioko mailarik baxuena eta altuena erakutsi zuena. Alaia Martin oiartzuarra ere ondo aritu zen bertsotan, hasieratik amaierara bere maila mantenduz.
Barandiaranek beste ataundar batek utzitako lekua bete du, Iban Urdangarinek irabazi baitzuen iaz. Aitzolek ere bere azken aukera zuen aurten, hiru aldiz parte har baitaiteke Osinalden.
Ezustekoa ere izan zuten antolatzaileek Uxue Alberdi eta Ander Lizarraldek ezin izan baitzuten iritsi. Elgoirbartarra eta oiartzuarra Kuban ziren bertako inprobisatzaileekin kantuan aritzeko. Eguerdiko hamabietarako iritsi behar zuten hona baina hegazkinak hamabi orduko atzerapena izan zuen. Bi bertsolari hauek Aztiriko bertso saiotik sailkatu zirenez, bertan abestu zuen Julio Sotori deitu zioten baina hark ere ezin izan zuen etorri. Azkenean Unai Gaztelumendi añorgarrak eta Karmele Mitxelena oiartzuarrak bete zuten euren lekua.
Hemendik gure zorionik beroenak bidali nahi dizkiogu Aitzoli. Jarrai dezala bertsotan ahal bezain ondo eta zorte on opa diogu aurrerantzean, bereziki Gipuzkoako Txapelketan. Gainera bi aldiz zoriondu behar dugu
gaurkoan 21 urte betetzen baititu gure bertsolari ataundarrak.

ZORIONAK AITZOL!!! HIKIN GEREK!!!