"Premonicion" delako filme bat estreinatuko dute aurki zinemetan. Itxuraz ez du ematen beste munduko filme horietakoa denik. Hala ere ikusi egin behar zehaztasunez jakiteko.
Kontua da batzuetan antzeko bihozkadak izaten ditudala neuk ere. Oraingo honetan bai behinik behin. Aspaldian ideia bat darabilkit buruan bueltaka. Orain dela gutxi, berriz, egunkarian irakurri nuen albiste batek harrituta utzi ninduen. Nire ideiarekin lotuta zeuden ideia batzuk zituen hark ere. Harrigarria egiten zitzaidan une hartan bertan niregandik milaka kilometrota zegoen pertsona batek ideia bera ibiltzea buruan.
Gaur ikusi dudan filmak ideia horrekin zerikusi zuzena ez badu ere, gaietako batek bazuen antzekotasunik. Agian gizakiak guk uste baina berdinagoak garela izango da edo gisa bereko kezka eta burutapenak ditugula. Munduan bakarrik sentitzen garen uneetan gogoratzeko moduko gauza da.
Beharbada gizakiok ere badugu halako "konexio" bat geure artean. Lagun batek esaten zuen bezala bere lagunaren eta bere buruaren artean hatzamarrarekin seinalatuz: "gu biok bluetooth zeukiau".
Teknologi berrien eragina izango da akaso. Kasulitate hutsa izan liteke, ala ez?