Garai txarra da errealzaleontzat. Ez dugu denboraldi xamurra bizi. Kontu hau ez da oraingoa, ordea. Aspalditik datorkigun gaitza da, baina ez dugu sendabiderik topatzen. Horixe da okerrena.
2003.urteko ezusteko pozgarri hura kenduta, sufritzea tokatu zaigu txuri urdinen zaleoi. Ohituak gaude horretara, eta hori da okerrena. Ez dago sufritzera ohitzea baino seinale txarragorik. Horixe omen da bizitza, sufritzen ikasi eta egoera horretara ohitzea.
Larunbatean ereb kale egin genuen Bartzelonaren aurka. "Genuen" diot, nahiz eta nik ez nuen jokatu. Lotinak ez du lan makala eskuartean. Jokalariak dira zelaian borroka irabazi behar dutenak, eta eurena da azkeneko erantzukizuna.
Azkenaldian izan dugun berri on bakarra Aranbururen kontratu berriarena izan da. 2010.urtera arte sinatu du, nahiz eta oraindik ez dakien zein mailatan jokatu beharko duen. Gutxik egiten dute hori. Beste batzuk liga amaieraren zain daude zer egin jakiteko. Mikel bezelako jokalariak behar dira, euren konpromezua muturreraino eramaten dutenal. Aranburu realzale askoren jokalari kuttuna da eta ez da harritzekoa. Beharbada gehiegi eskatu diogu azpeitiarrari. Berak eman eman du behintzat.

Gero eta itxura txarragoa du honek. Hala ere, itxaropena omen da azkena galdu beharrekoa. Sarrionaindiak hauxe dio "Ni ez naiz hemengoa" liburuan: "beste filologo eta filosofo batzuentzat, finean, Pandoraren mitoan esperantza ez da zentzu idealeko esperantza edp itxaropena, baizik eta zentzu errealekoa, hau da, esperoa. Esperantza ez litzatzeke itxarotea besterik". Itxaron egin beharko dugu orduan.